XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Inoiz platerik apurtu gabea HARA, EMILIO, NAGUSITXOAK GARA, ETA HISTERIKO JARTZEN DEN BAKARRA, ZEU ZARELA ONGI DAKIGU.

INOIZ platerik apurtu gabea bailitzan, Lasai, lasai! ibiltzeko diosku Barbera jaunak, abenduaren 21eko datarekin EGUNKARIAren esku-zabaltasuna probetxatuz argitaratu duen artikuluan (erdaraz idatzirikoa itzulirik agertu bait diote).

Patxadaz irakurri dut artikulua hiruzpalau aldiz, berak iradoki bezala kontrolik gabeko emoziozko erreakziorik edo neurriz kanpoko erreakzio emozional basatirik ez izateko.

Hala ere, irakurri dudan bakoitzean, gezur, iruzur edo asmo txarrez idatziriko esaldiren bat gehiago aurkitu izan dut, holakoez beteta bait dago.

Has nadin holako batzu, ez denak, aipatzen.

Bigarren paragrafoan azken hilabeteotan UPV/EHUren aurka eratutako konfrontua, azalpen deshumanizatu batekin edo estalitako azalpen ezkutu eta mozorrotuekin bakarrik uler daitekeela diozu, Emilio.

Gure aldetik bederen ez da egon ez UPV/EHUren aurka eratutakorik, ez azalpen ezkuturik.

Zuk horrela badiozu, zeuk jakingo duzu zergatik den, alegia, zeuk horrela planteatu ote duzun. Zeure hitzek salatzen zaituzte.

Aurrerago, UPV/EHUk ezin duela epailearen erabakia ezarri diozu.

Martxoan juezak gure alde emandako sententziaz ari bazara, hori faltsua da.

Oso bestela, ez duela nahi esan behar zenuke, behin baino gehiagotan frogatu bait zaizu legearen arauerakoa zela.

Errekurtsoa aurkeztu zenuenean eta errekurtsoaren bazterketa egin zenezan geure presioak egin genituenean, erreakzio histerikoa izan genuela diozu.

Hara, Emilio, nagusitxoak gara, eta, histeriko jartzen den bakarra, sarriegi, zeu zarela ongi dakigu, nik neuk ere zeure histerikotasunak askotan jasan behar izan ditudalarik.

Zeure ekintza guztiak arruntak eta zibilizatuak direla diozu, gureak ordea, neurri eta arrazoiz kanpokoak, eta amorruak bere senetik aterata hartuak.

Zeure begiko habeaz hitz egingo dugu, nahi baduzu.

Dirudienez, zibilizatua da zure ustez, erabaki unilateralak hartzea, kontratuen interpretazio unilateralez kontratuak amaitu egiten direla erabakitzea, eta ehun lagun kalean jartzea.

Zibilizatua da, zuk hala deritzozu behintzat, unibertsitateko estatutuen aurkako jokabideaz guk betetzen ditugun plazak konkurtso publikora ateratzea.

Zibilizatua da, zure eritzian, epaiketa ahalik eta gehiena ateratzea, horrela gure plazak bete ahal izateko, eta gu hobeto izorratzeko.

Beti ere zure gusturako, zibilizatua da inolako negoziaziorik nahi ez izatea.

Zure ustean, zibilizatua da epaileak suspendituriko hauteskunde sindikalak inposatzea.

Zibilizatua da, antza, ertzainak unibertsitatean sartzeko ordena ematea.

Zibilizatua da goardiazibilizatua esango nuke, ertzainek emandako tratu txarrak eta egindako triskantzak isiltzea eta babestea.

Utikan! Zureak bezalako uste zibilizatuez aspaldi aspertu ginen.

Errekurtsorik ez dugula aurkeztu diozu.

Gezurti halakoa! Ez al zaizu aurpegia gorritzen hori diozunean, dakizularik aldez aurreko erreklamazioak zeuri aurkeztu genizkizula eta hilabetean ez zenuela erantzunik eman, eta horren ostean hasi behar izan genuela epailearen aurreko ekintza, zeure isiltasun administratiboa jasan eta gero?.

Seme-alaben janariaz eta goseaz diozunaz erantzunik emateak ez du penarik merezi, gutxiago oraindik duintasunari buruzko aipamenarekin nahasten duzunean.

Gogorregiak esan beharko bait nizkizuke. Eta abar.

Errektore izan arren ere, Emilio, zure artikuluak ez du nondik oraturik, intentzio txarraren girtenetik baino.

Nahi duzunean, eztabaida publiko batetarako eskua luzatzen dizut, bertan, botatzen dituzun argudio zital horiek banan banan desegiteko.

Duintasuna aipatzen duzu, lotsagabe halakoa!, zeure unibertsitateko bederatzi mila unibertsitariek eginiko dimisiorako eskariaren aurrean ezentzunarena egin eta gero.

Platerik ez zenuen apurtuko, baina sekula harrikorik egin ez duzulako.

Hori bai! Aurpegia, plater azal batena baino zabalagoa duzu.

Duintasunik bazeneuka, aspaldi joana izango zinatekeen.

Horixe da ene eritzia! JOSE RAMON ETXEBARRIA UPV/EHU-KO IRAKASLEA.